XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarazko eskelarik ere ez dugu oso berandu arte aurkituko.

Euskarazko lehen lana 1962an argitaratu zen Diario Vascon. Diario de Navarra 1966an hasi zen.

Urte berean lortzen du Basarrik bere Bordatxon euskara sartzea La Voz de Españan.

Donostiako Hoja del Lunes eta Bilboko La Gaceta del Norte 1971ean hasi ziren.

Franco hil zenean, eta 1975ean hil zen, bere gisa gainera, orain 15 urte alegia, Euskal Herriko egunkarietan ziharduten 178 kazetarietatik 7k bakarrik zekiten euskaraz mintzatzen, eta bat bakarra ari zen euskarazko orrietan idazten.

Irrati eta telebisiokoak gehiturik 215 ziren Hego Euskadin.

10 besterik ez ziren euskaraz hitzegiten zekitenak. (Ikus Euskera XXII - 1977, Xabier Aranburu).

Zenbait irratitan, 1950 alderako lortua zuten Maria Dolores Agirre, Basarri, Oñatibia, Zurutuza eta abarrek, baserritarrentzat, astean behingo irratsaioren bat.

Baina euskal kazetaritza, ikastolekin, bertsolariekin, kantariekin eta abarrekin batera abiatzen da 1960 aldera, parrokietan sortu ziren irratitxoetan eta erlijiosoen babesean jaiotako aldizkaritan.

Ordukoak dira, noski, ezagunenak aipatzeko, Loiola, Segura eta Arrate irratiak, Anaitasuna, Zeruko Argia, Goiz rgieta Agur aldizkariak.

ALDI ARRISKUTSUA ETA BORONDATETSUA. Idazteko gogoa zuten euskaltzaleak eta frankismoaren zerbitzuko komunikabideetan lanik egin nahi edo ahal ez zuten kazetari tituludun bakar batzuk bildu ziren gerra ondoko euskal kazetaritzara.

Gerrak eta zigorrak erasandako belaunaldi haiek eta diktadura suntsitzeaz eta gizartea iraultzeaz arduratzen ziren geroagokoak ez ziren, etorkizunerako kontuak atera eta, gerorako kazetariak, irakasleak eta funtzionariak prestatzeaz arduratu.

Sistemak erabat kontrolaturik zituen komunikabideetan, irakaskuntzan eta administrazioan lana aurkitzea ez zen erraza; lan egitea ere ez biziro gustagarria, zapaltzaileen laguntzaile izateko edo laguntzailetzat salatua gertatzeko arriskua bait zuen.

Onenean ere, politikarekin zerikusi zuzenik ez zuten kirol, folklore, istorio, gertakizun eta abarri buruzko kazetaritza egiteko adurra izan zezakeen, gehienez ere, sistemaren zerbitzuko komunikabide leial haietan.

Baina euskaraz lan egin nahi zuenak eta sistemaren zerbitzari leial izan gabe lan egin nahi zuenak, herri-irrati eta euskarazko aldizkarietara jo beharra zeukan.

Euskaldungoaren komunikabide bihurtu ziren irrati eta astekari haietan lan egitea pozgarria zen, mehatxuak mehatxu, saldukeriarik gabe, euskararen eta Euskal Herriaren alde lan egiteko modua eskaintzen bait zuten.